Parkeak 20 hektarea ditu eta, bertan, Iberiar Penintsulako eta Europako faunaren adierazgarri diren animalia espezieak ikus daitezke, bakoitzaren jatorrizko ingurune naturalaren antzera egindako toki zabaletan.
Karpin Abenturako animalia gehienak gaixo edo zaurituta iristen dira bertara. Egoera horretan aske bizitzeko gai ez direnez, partikularrek eta erakundeek eramaten dituzte animaliok parkera. Ingurumen-hezkuntzaren alde lan egiteko erakusten dituzte animalia horiek, ingurumenaren babesaren aldeko interesa bultzatzeko asmoz.
Gainera, Karpin Abenturak espezieen eboluzioa ulertzeko aukera eskaintzen dio bisitariari Darwin jauregian, gure faunaren historia bizian ibilbidea eginez. Gune horrek eboluzioaren printzipioa eta gure planetan bizitzaren lehen arrastoak sortu zirenekoak ere ezagutzeko modua ematen du.
Horrez gainera, badira beste gune erakargarri batzuk; Homo Sapiens Sapiens delakoan, gizakiaren garapenaren abenturaz jabetuko gara; Terrasauron denboran atzera egingo dugu, Jurasikora, eta, Gastornislanden, berriz, duela 10.000 urte planetan bizi ziren haragijale eta belarjale handiak ikusteko parada izango dugu.
Oharrak
Ikasleen oporraldian (Aste Santuan, udan, Gabonetan eta jai-zubietan), egunero egoten da zabalik. Gainerako egunetan, jende guztiarentzat irekitzen dute asteburuetan eta jaiegunetan. Taldeentzako bisitak ere egiten dituzte (astegunetan bakarrik).
Merezi du Pozalagua Kobazulora joatea, Karpin Abenturatik bost kilometrora dago eta.