Cristóbal Balenciaga Museoa 2011ko ekainaren 7an inauguratu zen, eta Getarian dago, jostunaren jaioterrian, eta modaren munduari egin dion ekarpena ulertzeko ezinbestekoak diren prestakuntza eta heltze profesionaleko urteen agertokian.
Balenciagaren bizitza eta lana, moda eta diseinuaren historian izan duen garrantzia eta bere ondarearen garaikidetasuna ezagutzera emateko, Museoak bilduma paregabea dauka. Bere zabaltasunak —gordailuei eta dohaintzei esker handitzen jarraitzen duen multzo bateko 5.100 pieza baino gehiago— eta bere hedapen formal eta kronologikoak —adibidez, diseinatzailearengandik gordetzen diren modelorik goiztiarrenak barne— bilduma hau osatuenetako, koherenteenetako eta interesgarrienetako bat bihurtzen dute.
Museoak ibilbide bat proposatzen du bere bilduman zehar. Hasteko, areto biografikoa dago, bertan bisitariak goi-mailako joskintzaren maisuaren testuinguru historiko eta geografikoan kokatzen laguntzeko. Ondoz ondoko aretoetan, urtero berritzen den bildumaren erakusketa ikus daiteke.
Aldamar Jauregia eranskineko espazioak aldi baterako erakusketei eskainita daude.
Erakusketez gain, beste jarduera batzuk ere egiten dira, hala nola ikastaroak, hitzaldiak edo tailer didaktikoak, askotariko publikoari zuzenduak eta bisitariaren esperientzia osatuko dutenak.